Oiartzungo Udalak osasun-larrialdi egoeraren aurrean neurriak hartzen eta baliabideak jartzen jarraituko du

Azken asteetan herrian izan den kutsatze-tasa altua kezkagarria da

Oiartzungo Udalak COVID19arengatik bizi dugun osasun-larrialdi egoeraren aurrean hartzen ari den neurrien berri eman nahi luke eta oiartzuarren osasuna zaintzeko gomendio orokorrak gogora ekarri.

Gauza jakin da azken asteetako kutsatze maila mozten ez bada, osasun-sistema kolapsatu daitekeela. Osasun-sisteman ari diren profesionalek dagoeneko arazo honen berri eman dute. Oiartzunen bertan, inoizko kutsatze kopuru altuena ari gara izaten azken asteetan. Azken astean bertan, 40 herritar baino gehiago diagnostikatu dituzte COVID19 gaitzarekin.

Horregatik, kutsatzeak ekiditeko prebentzio neurri orokorrak gogora ekarri nahi ditu Udalak: musukoa erabiltzea; pertsonen arteko distantzia mantentzea eta jende pilaketak ekiditea (gehienez sei pertsonako taldeak daude baimenduak).

Jende pilaketak saihestea funtsezkoa da egun hauetan, kutsatze katearekin bukatzeko. Horregati, Udalak kezka adierazi nahi du azkeneko asteburuetan Doneztebe plazan elkartzen ari den jende kopuru handia dela eta.

Udala herritarren ongizatea bermatzeko neurriak hartzen eta baliabideak indartzen ari da

Bizi dugun egoera ez da erraza, eta aurre egiteko Udalak arlo hauetan lanean jarraitzen du: jende pilaketak ekiditeko neurriak hartzen; zaintzarako beharrezkoak diren baliabideak indartzen eta, herritarren ongizatea bermatzeko ekintzak antolatzen, gune seguruak sortuz (osasun neurriak errespetatuz).

Oiartzungo udaletxea irekita dago eta udal zerbitzu guztiak martxan. Hala ere, herritarrei eskatu  nahi diegu administrazio elektroniko bidez egin daitezkeen gestioak bide horretatik egiteko (administrazio elektronikoa erabiltzeko gakoa oraindik ez duenak, udaletxeko harreran eskatu dezake).

Bestelako neurri batzuk ere hartu ditu Udalak, barne mailan. Esate baterako, Gobernu Taldea bilerak berriz telematikoki egiten hasi da eta gaur bertan izango den ohiko udalbatzarrean zinegotzien parte-hartze presentziala murriztuko da.

Oiartzunen zein inguruan hartu diren neurriekin konfinamendu orokorra saihestu nahi da, horrek ekar ditzakeen ondorio sozial eta ekonomikoak saihesteko.

Oiartzungo Udalak badaki egoera zaila dela guztiontzat. Horregatik, herritarrei animoak eman eta norbere burua zein besteak zaintzeko deia egiten diegu. Zaindu, eta elkar hartu.

Gehigarriak

Oiartzungo Udalak osasun-larrialdi egoeraren aurrean neurriak hartzen eta baliabideak jartzen jarraituko du