Udalak arduraz jokatzen jarraitzeko eskatu nahi die herritarrei

Jende pilaketak ekiditea da helburu nagusia

Covid19 gaixotasunaren hedapena murrizteko neurriak hartzen daramatzagu azken hilabeteak. Gure ohituretan aldaketak eragin ditu egoera honek. Etxean geratzen hasi ginen, eta dagoeneko kalera atera bagaitezke ere, oraindik guztion osasun bermatzeko babes-neurriak hartu behar ditugula gogorarazi nahi du Udalak, eta horretarako guztiok arduraz jokatzea ezinbestekoa da.

Konfinamenduaren ondoren deskonfinamendua etorri da. Oraindik, ordea, birusaren hedapena ekiditeko lanean jarraitu behar dugu eta gaixotasuna kontrolatu beharra dago. Horretarako, jende pilaketak ekiditea ezinbestekoa da. Aurtengo udan hori izango da erronka nagusietako bat. Udaran kultura ekintzak antolatuko dira herrian, baina jende pilaketak ekiditeko neurriak hartuz egingo dira.

Antolatutako ekintzarik ez dagoenean jende pilaketak ekiditeko, ordea, norberaren ardura ezinbestekoa da, guztiok elkar errespetatzea oinarrizkoa izango da. Gauez gertatu diren jende pilaketak kezkatzen du gehien Udala. Dagoeneko neurriz kanpoko gertaerak egon dira, eta udan ezer larririk ez gertatzeko, herritar guztiek arduraz jokatu beharko dugula gogorarazi behar dugu.