Tasa eta zergen kobraketa atzeratzea erabaki du Udalak

Oiartzungo Udalak apirilaren 3an onartutako dekretu bidez erabaki du data horretatik aurrerako egutegi fiskalaren epeak malgutzea

COVID-19ak eragin duen larrialdi egoera honek herritarren egoera ekonomikoan ondorio kaltegarriak eragingo dituela jakinda, udal zergak eta tasak kobratzearen inguruan zenbait erabaki hartu ditu Udalak: ordainketa epeare barruan daudenak ordaintzeko epea luzatuko da eta uda aurretik martxan jarri behar zutenen epea atzeratuko da.

Dekretua aurreko ostiralean (hilak 3) onartu zuen Udalak eta neurriak dekretu hori sinatu ondoren aplikatzen dira.

Luzapenak bi ordainketari eragingo dio: batetik, Ibilgailuen zergari (ordaintzeko epea bi hilabete luzatuko da, ekainaren 30a arte). Bestea uraren tasa da; apirilaren 30a arte luzatu da ordainketa egiteko epea. Uraren ordainketa hau 2019ko azken epeari dagokiona da. Neurri honek ordainketa helbideratua ez dutenei eragingo die, alegia, denbora gehiago edukiko dute zerga ordaintzeko. Ordainketa helbideratua duten herritarrei urteko egutegiaren barruan kobratu zitzaien zergaren kopurua (dekretua indarrean egon aurretik).

Atzeratuko direnak, berriz, hauek dira: kontribuzioa (maiatzean kobratu beharrean abuztuaren 1etik irailaren 15era atzeratuko da, Gipuzkoako Foru Aldundiak jarritako epea errespetatuz); hondakinen tasa ere atzeratuko da (ekainaren 1etik uztailaren 15era izango da epe berria) eta uraren hurrengo tasaren kobraketa ere bai (uztailaren 15etik irailaren 15era).

Enpresa, merkatari eta ostalariek hondakinen tasa erabileraren baitan ordainduko dute. Erabaki honekin, sektore horien egoera ekonomikoa ere arintzea espero du Udalak.

Zorren zatiketa eta atzerapenen kasuan, zatiketa plantean onartutako kuoten ordainketa hilabetez atzeratuko da inolako interesik gabe.

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

Fitxategiak