Oiartzungo Udalak osasun publikoa zaintzeko prebentzio neurriak hartu ditu

Bihartik aurrera Elorsoro, Madalensoro, biblioteka eta ludoteka itxita egongo dira

Osasun publikoa zaintzeko prebentzio neurriak hartzea erabaki du Oiartzungo Udalak. Hauek izango dira gaurtik aurrera hartuko diren neurriak: 

- Udaleko Krisi Mahaia eta langileentzako protokoloa martxan daude.

- Osasun sailaren aginduz, hirugarren adinarekin lotutako zerbitzuak bertan behera geratzen dira. Gazte Izanak erretiratuen elkartea itxi; Torri Gukin eta Bidelagun programak bertan behera geratu dira.

- Udalak antolatzen dituen gisa guztietako ekitaldiak bertan behera utzi dira. Erabaki hori dela eta, datozen egunetarako antolatutako Zinegoak-eko film laburren emanaldia (martxoak 13); haurrentzako ipuin-kontaketa (martxoak 13); harrera saioa (martxoak 14) eta Zuhaitz Eguna (martxoak 15) ez dira ospatuko. Aurrerago jakinaraziko ditugu ekitaldi horiek ospatzeko data berriak. 

- HELTAko tailerrak ere bertan behera geratuko dira bihartik aurrera.

- Kanpoko eragile eta elkarteek antolatu baina udal eraikinak edota eremu publikoa baliatzen dituzten ekitaldiak ere bertan behera geratuko dira.

- Eremu pribatuan diren ekitaldien antolatzaileei Udalak gomendioa luzatu nahi die jende asko biltzeko ekitaldiak saihesteko.

- Elorsoro kiroldegia, Madalensoro pilotalekua, Karla Lekuona futbol zelaia, Manuel Lekuona biblioteka (Ikasle Gela barne) eta Abaraxka ludoteka itxita egongo dira bihartik aurrera.

- Herriko ostalaritza guneei pintxoak tapatzeko gomendioa luzatu die Udalak.

Neurri hauek indarrean egongo dira Udalak jakinarazpen berriak egin arte.

Era berean, egoera honetan lasaitasunez eta arduraz jokatzea da hauturik egokiena, osasun publikoa zaintzea guztion ardura baita.

Gehigarriak

Oiartzungo Udalak osasun publikoa zaintzeko prebentzio neurriak hartu ditu