Oiartzungo Udalak Kataluniako proces-aren kontrako epaia justifikaezina dela adierazi du

Bihar goizean udaletxea aurrean egingo den elkarretaratzean parte hartuko dute EH Bilduko eta EAJko ordezkariek

Oiartzungo Udalak -EH Bilduk eta EAJk adostuta- Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako buruzagi independentisten aurka emandako epaiaren aurrean, adierazpen instituzional hau egin du:

1) Oiartzungo Udalak ziurtatzen du demokraziaren adierazpen baketsua, indibiduala zein kolektiboa gauzatzea eta herriari hitza ematea ez dela delitua. Hori horrela, 2017ko urriaren 1eko erreferenduma tresna demokratiko eta zilegizkoa izan zela, eta Kataluniak eta Euskal Herriak berezkoa dutela etorkizuna erabakitzeko eskubidea.

2) Oiartzungo Udalak argi eta garbi adierazten du ezin direla justifikatu Espainiako Auzitegi Gorenak eta Estatuko botereek Kataluniako agintari eta gizarte eragileei bizkarreratutako auzia eta ezarritako zigorrak.

3) Oiartzungo Udalak nabarmentzen du Kataluniako Procès-aren aurkako auziak eta epaiak Zuzenbide Estatuaren itxuragabatzea dakartela eta ezbaian jartzen dutela espainiar demokraziaren homologazioa nazioartean.

4) Oiartzungo Udalak azpimarratzen du euskal herritarrei zuzenean eragiten digula Estatu espainiarraren erantzun bortitzak, izan ere, herrien borondatea era demokratiko eta baketsuz erabakitzea mozten du. Eta arazo politikoari tribunalen indarrez, 155. artikuluaren ezarpenaz edo erabakitze eskubidearen alde egiten dutenei edonolako neurri bidegabeak ezarriz erantzuten dio, irtenbide elkarrizketatu eta negoziatua bilatu ordez eta herriari galdetu beharrean.

5) Oiartzungo Udalak Estatuko botereei eskatzen die espetxean dauden preso politikoak berehala aske utz ditzala eta, era berean, erbesteratu politikoen aurkako auzibideak bertan behera utz ditzala.

Oiartzungo Udaleko ordezkari politikook bihar 11:00etan Doneztebe plazan egingo den elkarretaratzean parte hartuko dugu. Oiartzuarrak animatu nahi ditugu bertan parte hartzera, baita larunbatean Gure Eskuk Donostian antolatu duen manifestazioan parte hartzera ere (Antiguako tunela, 17:30)

Gehigarriak

Oiartzungo Udalak Kataluniako proces-aren kontrako epaia justifikaezina dela adierazi du