Arrosa Lizaso, zinegotzia: Herritarrekiko hurbiltasuna eskaini dezaket udalgintzatik

Arrosa Lizaso Azpiroz EH Bulduren 12. zinegotzia da. 49 urte ditu eta Irungo udaletxean idazkaria da. Bi seme-alabaren ama da. Arragua auzokoa da izatez, baina 16 urte zituenetik Gurutzen bizi da.

Politika arloan ibili izan da gazte-gaztetatik. Gurutze auzoko festak antolatzen aritzen da eta euskalgintza ere ez zaio arrotza. Besteak beste, Konpromisotik aD/Ritzera-ko lantaldean buru-belarri ibili zen.

Udalean, EH Bilduko Gobernu Taldeko kide izango da, baita UEMAko ordezkarietako bat eta Euskara batzordeko kide. Gurutze auzoaren udal arduraduna ere izango da, Iosune Cousillasekin batera.

EH Bilduren Gobernu Taldeko 12. zinegotzia zara. Espero al zenuen zinegotzi izatea?

Ia lau urtero proposatu izan didate zinegotzi izateko. Baina niri beti gehiago gustatu izan zait atzeko lana. Oraingoan proposatu zidatenean, erantzun nien oraindik ere bi umeekin nahiko lotuta nagoela ardura hartzeko. Orduan proposatu zidaten muga horretan joatea. Ez zuten pentsatzen inondik inora aterako nintzenik, ezta nik ere bai, baina bai pentsatzen nuela agian bi urte barru-edo haurrekin beste marjin bat izango nuela, eta beti gertatzen da baten bat ikastera kanpora doala, edo haurdun gelditu dela... agian aurrerago taldean sartuko nintzela ikusten nuen. Poztu nintzen zinegotzi atera nintzenean, batik bat horrek esan nahi zuelako PSE-EE ez zela sartuko udaletxera. Ez nuen espero, baina ezta ere ez nuen sustorik hartu: askoz gauza zailagoak egin izan ditugu. Iruditzen zait udalgintzan sartzeko momentu erosoa dela.

Gogotsu hartu al duzu kargua?

Bai, gogo askorekin. Administrazio publikoan 26 urte daramatzat lanean eta ez zait arrotza egiten. Are gehiago, gustatzen zaidan arlo bat da. Kontratazio arloa, Ogasuna... kontrolatzen ditut. Udaletxe handi batean lan egitetik txikira etortzea da Oiartzun, baina udalbatzarra-eta ez dira arrotzak niretzat.

Zein sentsazio dituzu legegintzaldi hasiera honetan?

Oso erosoa ari da izaten. Aurreko legegintzaldian denbora gutxian egin duten lana, daukaten maila... estimatzekoa da. Ilegalizazio batetik gatoz, nahiz eta ahaztu egiten zaigun, eta hau da lehenengo aldia denbora askoan udal taldea normala dena, egoera normalizatuago batean. Aurreko legegintzaldiko taldekideek ez zuten batere erraza izan; haien aurrekoek oraindik okerrago izan zuten: krisialdia, ilegalizazioa... puskatuta zegoen udal batean sartu ziren. 2015/2019 legegintzaldian gure taldekideek hartu duten martxa denbora gutxian ikaragarria izan da. Niretzako momentu polita eta erosoa da udalgintzan sartzeko.

Goratz Gezalarekin batera, sailen ardurarik ez duen zinegotzia izango zara. Zein izango da zure egitekoa?

Lan pila bat dago egiteko. Nik errefortzu lana egingo dut. Eskatzen badidate Ogasunean laguntza, legeak begiratzeko edo, Joni (del Olmo) laguntzen diot, kultura arloan pixka bat... Goratzek eta biok errefortzu lana egingo dugu. Astelehenero biltzen gara Gobernu Taldea lan-banaketa egiten dugu. Sailen ardura duten zinegotziek badakite zer dagokien, baina gu batean eta bestean gabiltza. Ahal dudanean laguntzen dut, proiektuetan eta gauzetan.

Zer eskainiko diozu udalgintzatik herriari?

Herrian beti aritu naiz gauzetan. Saiatuko naiz herritarrek eskatzen dizkidaten gauzei kasu egiten. Orain jendea etorri egiten zaizu gauzak eskatzera. Udal taldean proposamenak horiek aipatuta, aurrera ateratzen dira. Jende askorekin daukat hartuemana eta jendea lasai hurbiltzen zait. Uste dut hurbiltasun hori eskaini dezakedala. Jendearen laguntza asko estimatzen da: denon artean gauza gehiago ikusten dira. Oso ona da hori. Jendea oso modu onetan hurbiltzen da.

Gurutzeko auzo arduraduna izango zara, Iosune Cousillasekin batera. Auzoarekin lotura izatea lagungarri izango da zubilana egiteko?

Bai. Gurutze auzo txikia da. Ez daude beste auzo batzuetan adina behar, baina izaten ditugu gure kontuak.

Auzo batzarretan parte hartzen dutenetakoa izan zara orain arte. Zergatik?

Saiatzen naiz auzoetara joatean, Arraguara, Altzibarrera... Gustatzen zait jende ezberdinarekin kontaktua izatea. Plazan jendea dago, baina badago auzoetan mugitzen den jendea ere. Uste dut garrantzitsua dela herrigintzan parte hartzea: auzo guztietako jendearekin egotea horretarako. Nire ustez baditugu asignatura pendiente batzuk bere garaian Oiartzunera etorri zen jendearekin. Beti gustatu izan zait atentzioa jartzea auzoko eta herriko kontuei. Garrantzitsua da entzutea, ikasi egiten baita hortik.

Euskararekiko baduzu sentsibilitatea. Euskara batzordeko eta UEMA kide izango zara datozen urteetan. Zein egoera ikusten duzu Oiartzunen?

Iruditzen zait Oiartzunen zerbait aurreratu dugula, baina mina ematen dit jende euskaldun, bere baitan konprometitu asko, elebitan mintzatzen entzutea. Kontziente izan behar dugu nola bizi nahi dugun eta horretara jo. Erdarak alde guztietatik erasotzen gaitu. Nik konpromiso bat hartzen dudanean, erabat konprometitzen naiz. Iruditzen zait hain gauza erraza izan behar lukeela euskaldun izatea eta euskaraz aritzea... Aitzakiak ez zaizkit balio. Nik erdaraz egiten dut lan, baina ez naiz uzten kutstatzen. Erabakitzen badugu euskaraz bizi nahi dugula, horri eutsi behar diogu. Uste dut hobera goazela, baina oraindik gabezia handiak dauzkagu. Asko dago egiteko.

Xanistebanak ate joka ditugu. Aurtengoak oso ezberdinak izango al dira zuretzat?

Hasiera batean, ez. sari-banaketaren batera joan beharko dugu, soka-dantza dantzatu beharko dugu plazan... baina oso desberdinak ez dira izango. Xanistebanak nahiko lasai bizi izan ditut, eta aurten ere hala egingo ditut. Lehen ikusten ez nituen gauza batzuk ikusten ditut orain, eta gozatzen ari naiz. 

Gehigarriak

Arrosa Lizaso, zinegotzia: Herritarrekiko hurbiltasuna eskaini dezaket udalgintzatik