Goratz Gezala Etxeberria Arragua auzokoa da, nahiz eta gaur egin Elizalden bizi den. 29 urte ditu. Produktu Elektronikoen Garapenerako Goi Mailako Heziketa Zikloa ikasi zuen eta EuskoTreneko tren gidaria da lanbidez. Enpresako LABeko ordezkaria ere bada.
Arraguako Aldeguna Elkarteko bazkide da.
Udaletxean, EH Bilduko Gobernu Taldeko kide izango da datorren lau urteetan. Planeamendu, eta Gazteria, Kirola eta Hezkuntza Ez Arautuko batzordeetan parte hartuko du. Arragua auzoaren udal arduraduna ere bera izango da.
Zinegotzi kargua hartu berri duzu. Zein izan dira orain arteko sentsazioak?
Orain arte, nahiko lasai doa kontua. Udara izanda, abuztua jai hilabetea izanda, ez dira gauzak asko mugitzen. Pentsatzen dut irailean hasiko dela martxa handiagoa. Batzordek batzuk hasi dira eta astelehenetan Gobernu Taldearen bilera egiten dugu.
Gobernu taldean "beteranoak" eta berriak zaudete. Zer moduz doa taldea batzeko lana?
Oraingoz, ongi. Beteranoek dinamika hartua dute bilerena, batzordeena... eta besteok martxa hartzen saiatuko gara. Uste dut ona dela beteranoak eta berriak nahastea. Taldearen erdiak, ia-ia, errepikatu egin du eta horrek lasaitasuna ematen du.
Zinegotzi izateari baietz esan zenion. Zeintzuk izan ziren arrazoiak?
Beti gustatu izan zait saltsa! Hasteko, poza eman zidan nire izena atera zela jakiteak, norbait nitaz gogoratu izana. Herriari zerbaitetan laguntzerik baldin badaukat, ederki. Aita ere zinegotiz izandakoa da bere garaian. Aholku gutxi jaso ditut, baina planteatu zidatenean EH Bilduren zerrendan joatea, hitz egun nuen gurasoekin eta anaiarekin.
Ez duzu sail propiorik izango zure kargu. Horrek lasaitzen zaitu edo kezkatu?
Oraingoz, lasaitu. Proposatu zidatenean zinegotzi izateko, jarri nuen baldintzetako bat izan zen sailik ez izatea nire kargu: EuskoTreneko LABeko arduraduna naiz eta nahiko lan izaten dut horrekin.
Zer izango da zure egitekoa zinegotzi gisa?
Printzipioz, epe jakinik edo zehatzik ez duten proiektuetan eskua botatzea. Bsete zinegotziek bakoitzak bere saila edukita nahiko lan badute, eta proiektu batzuk baldin badaude beraien lan-kargarengatik ezin dituztenak aurrera atera, horiek bideratzeko egongo naiz ni.
Arraguako auzo arduraduna ere izango zara. Urte asko daramatzazu auzo batzarretan parte hartzen. Zertarako balio dute auzo batzar horiek?
Balio dute agertzen direlako auzoan bizi ez den batek ikusten ez dituen arazoak: banko bat behar dela, iturri bat edo parke bat. Bertan bizi denak ikusten du ondoen auzoak zer behar duen. Interesgarriak dira auzo batzarrak. Egia da gazte asko ez garela biltzen batzarretara, baina biltzen garen gutxi horiek gazteen ikuspuntua ematen saiatzen gara. Ez dakit zer den ez dena erakargarri gazteentzako, baina pena da.
Auzo batzarretan hitz egindakoa gauzatzen saiatzen da Udala...
Oraintxe Arraguako igogailuaren proiektua hasi da eta bizilagunak kontentu daude. Azkeneko bi urteetan-edo eskatu den zerbait izan da. Auzoak erabaki zuen zein proiekturi eman lehentasuna. Ikusten zen Ganboxa bideko aparkalekua egin behar zela, igogailua... Horiek biak egin dira. Auzo batzarretan erabaki zen lehentasuna: lehenengo parkina eta gero igogailua.
Hasi al zaizkizu auzokideak hurbiltzen?
Batzuk bai. Igogailuaren lanekin hasi zirenean auzotar bat hurbildu zitzaidan hasi zirenez pareta ere konpondu ahal zitekeen galdezka. Talde bileran planteatu nuen gaia, eta txukundu dute, Xorrolako geltokia ere bai pixka bat... Poriektuak egiten diren momentuan ikusten ez diren gauza txikiak dira, baina ondoan bizi denak ikusten ditu. Aurrekontuan sartzen baldin bada, egin daitezke. Jendea hasi da horrelakoengatik hurbiltzen.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika