Jexux Leonet, alkatea: Erronka nagusia azken lau urteetan ikasi duguna da: auzotarrekin konpartitu proiektuak eta herritarrei entzutea

Jexux Leonet Elizegi (EH Bildu) izango da datozen lau urteetan Oiartzungo alkatea, bigarren legegintzaldiz segidan

Jexux Leonet Elizegi alkateak 51 urte ditu. Karrikako Arraskue baserrian jaioa, Legarren bizi da. CAFen mekanikari-muntatzailea da ogibidez. LABeko ordezkari izn zen CAFeko Langile Batzordean 16 urtez. Artaso Elkarteko bazkide da. 

Alkate izateaz gain, bestelako ardura batzuk ere izango ditu Udalean. Besteak beste, Ogasun, Hirigintza eta Planeamendu arloetan ere ariko da, eta Langileria batzordeko burua izango da.

Horrez gain, Oiartuzngo Udala ordezkatuko du Oarsoaldea Garapen Agentzian eta Añarbeko Urak-en.

Alkate gisa bigarren legegintzaldia hastera zoaz. 24 urtean lehenengoz errepikatuko da alkatea Oiartzunen. Egoera politikoa normalizatzen ari denaren seinale?

Egoera politikoaren normalizazioaren adierazgarri nabarmena da. Azken urte hauetan apartheid-arengatik eta ilegalizazioengatik, zerrendak osatzeko zailtasun asko izan ditugu herrian. Ematen du lortu ditugula baldintzak jarraipena bermatzeko. Bata bestearekin doaz, ez dago inongo zalantzarik.

Berriz alkate izateko proposamena jaso zenuenean, zergatik erabaki zenuen baietz?

Nik neronek lau urterako planteamendua neukan, baina legealdi honetan proiektu dexente atera ditugu aurrera eta beste batzuk erdixka geratu zaizkigu. Bai nik eta taldeak jarraikortasuna garrantzitsua dela baloratu genuen. Jarraikortasunarekin, taldekiei berriei ere ematen genien lasaitasuna martxan doan tren honen gainera igotzeko, ez denak berriro hutsetik abiatzeko. Herritarrek eta Oiartzunek merezi dute jarraikortasuna. Pertsonalki, mila zalantzaren ondoren, familiarekin kontrasteak egin ondoren, animatu nintzen. Baina arrazoi nagusia proiektuak erdixka ez uztea eta azken urteetan izan ez dugun jarraikortasun hori bermatzea izan dira.

Babes handia izan du zure taldeak eta hautagaitzak. Herritarrek aurreko lau urteetako lana baloratu dutelako izan dela uste duzu?

Udal hauteskundeetan babes handia izan dugu. Zerikusia badu, zalantzarik gabe azken lau urteetan egin dugun lana auzo auzo eta auzotarrekin. Dauden gatazkei irtenbidea ematen eta auzotarren beharrak asetzen saiatu gara eta horrela ulertu du herritarrak. Hauteskunde kanpainak publizitate kanpainak izaten dira, eta benetan balio duena lau urtean egindako lana da. Gu oso pozik gaude jaso dugun babesarekin. Batetik, orain arte egin duguna legitimatzen du eta lanean jarraitzeko indarberritzen gaitu. Oso emaitza garrantzitsuak izan dira guretzat.

13 zinegotzitik 17 izatera pasatu da Oiartzungo Udala. Aldaketa nabarituko al da?

Printzipioz, 17 zinegotzira igotzeak suposatzen zuen bsete alderdi politiko batzuek ere aukera izango zutela udalean ordezkaritza lortzeko eta hortik etor zitezkeen aldaketa handienak, baina azkenean lehen geunden indar politikoak gaude orain ere: EH Bildu eta EAJ. Izango ditugu zinegotzi gehiago, taldeak zabalagoak dira, eta horrek aukera emango digu lana hobeto administratzeko eta lehen heldu ezin izan ditugu gai batzuei heltzeko. Jendearen disposizioa eta lanerako gogoa nabaria da, eta taldea zabalagoa izatearekin, lan gehiago garatzeko aukera izan behar genuke. Hori da gure nahia.

Aurreko larunbatean hartu zenuten kargua zinegotziek. Nola bizitu zenuen ekitaldia?

Duela lau urte baino lasaiago, nahiz eta beti jartzen naizen urduri horrelako ekitaldietan. Uste dut ekitaldia ondo joan zela: lasai. Azpimarratuko nuke ordezkaritza guztiak izan zirela txalotuak, bai EAJkoak eta baita gu ere. Zinegotzi guztiok txalo artean hartu genituen gure akreditazioak. Ekitaldira jende dexente etorri zen eta hauteskundeetan jaso genuen babesaren jarraipen gisa, polita izan zen. Emozio puntu bat ere izan zen, zinegotzi izatea uzten zuten uzten zutelako eta berriek, kargua hartzen zutelako. Sentsazio politak izan nituen.

Gobernu taldeko lantaldean beteranoak eta berriak zaudete. Zer espero duzu nahasketa horretatik?

Agian gertatuko zaigu urte gehiago daramatzagunoi, batez ere legegintzaldiak aurrera egin heinean, nekea nabarituko zaigula, eta berrizk berriz, lanerako gogoarekin eta ilusioarekin datoz. Lehendik gaudenok erritmoa jaisten badugu ere, berriak hor daude indarberritzeko eta akuilu lana egiteko. Taldea osatu behar dugu lehendabizi. Azkeneko lau urteetan egin dugun bezala, taldea egiten denean sortzen da lan eta motibazio giroa. Horrek ziurtatzen du emaitzak mahaiaren gainean jartzea.

Hasi al zarete lanean?

Bai. Kargua urtzi duten zinegotziek berriekin bilerak egin dituzte -eta gehiago egingo dituzte- transmisio lana egiteko, bakoitzak bere arloan. Lehenengo talde-bilera astelehenean (ekainak 17) egin genuen. Lehendabizi, batzordeak osatu behar ditugu. Pixkanaka-pixkanaka martxa hartzen joan behar dugu eta bakoitzaren papera definitzen. Taldeak denok garrantzitsu sentitzea bilatu behar dugu.

Aurreko lau urteetan, zer izan da positiboena?

Horrelako erronka bati heltzen diozunean, hasieran nahasten dira bizipen desberdinak: izaten da beldurra; zalantzak maila emango duzun edo ez; ze arazorekin topatuko zaren... Udaletxea ez genuen ezagutzen, hutsetik abiatu ginen, eta lau urte hauetan lortu dugu gure buruarekin konfiantza. Kudeatu ditugu gai desberdinak eta positiboa izan da taldean konpartitzeko aukera izan dugula, denen artean babesa eta adostasunak bilatu ditugula, eta azkenean ibilbide hori hamar zinegotzion -Juan Inazio Ansak bigarren urtean utzi zutelako- egin dugu. Positiboena izan da neurri txukun batean erantzun diogula herriaren beharrei. Hori azken azterketan nabaritu da: hauteskundeetan. Jakin dugu lan berri honetara eta gure bizitzaren fase berri honetara adaptatzen, eta kapazak izan gara kudeaketa txukun bat aurrera eramateko.

Jarraipena izango da udalgintzako lanaren ildoaren oinarri. Zeintzuk izango dira datorren legegintzaldiko erronka nagusiak?

Lau urtera begira, gure herri programan azaltzen ziren gai ezberdinak. Nagusienak, kultur eragileekin kultur aretoa egitea. Kontratazioa orain hasiko da eta aurten obra hasi nahi dugu. Gauzatu egingo da egitasmo hori. Arizmendi ere gauzatuko dugu. Obra datorren astean-edo hasiko da. Erronka nagusia azken lau urteetan ikasi duguna da: auzotarrekin konpartitu proiektuak eta herritarrei entzutea. Gizarte zerbitzuetan ere aldaketa garrantzitsuak izango ditugu: kokapena aldatuko dugu eta zerbitzua indartu. Hurrengo urteetan hirugarren adinak protagonismo berezia hartuko du: zaintza lanak, laguntze lanak... Hortaz aparte, eragileekin ditugun konpromisoak bete; auzoekin elkarlanean egituratzen jarraitu herria... Berdintasunaren ikuspegitik, azken lau urteetan lanketa abiatu dugu Feminismo teknikariarekin eta uste dut legegintzaldi honetan ikusiko dela lan horren benetako garapena. Lehen sektorea ere hor dugu. Lau urte hauetan martxan jarritako programei eutsi behar diegu eta berriak sortu. Etxebizitza arloan, duela hiru urte martxan jarri genuen programarekin bederatzi etxebizitza lortu ditugu merkaturatzea eta emaitzek ematen jarraitzea espero dugu. Bestetik, Urkabe Baita eremuan etxe dotazionalak egingo ditugu, gazteei emantzipatzeko bidea jartzeko eta beste aukera batzuk ere aztertzeko. Horiek dira erronka nagusiak.

Eta epe motzekoak?

Gauza txikiak, baina auzotarrak egunerokotasunean kezkatzen dituztenak, eta bizikidetzan eragina duten elementuei helduko diegu. Epe motzean, kultur aretoa eta Arizmendi izango dira aurten gauzatzen hasiko garenak. Epe motzekoa, azkenean, jarraipena da. Udala ez da geratu hauteskundeengatik, guk lanean jarraitu dugu, udaletxea martxan dago eta behar  nagusiei erantzuten jarrai behar dugu.

Gehigarriak

Jexux Leonet, alkatea: Erronka nagusia azken lau urteetan ikasi duguna da: auzotarrekin konpartitu proiektuak eta herritarrei entzutea