Udalak ahobatez gaitzetsi du herrian izandako eraso matxista

San Markos mankomunitateko 2017ko aurrekontuei jarritako helegitea irabazi du Oiartzunek

Oiartzungo Udalak premiaz onartu zuen aste honetan herrian jakin dugun eraso sexista gaitzesteko mozioa lantzea atzoko udalbatzarrean. Ahobatez erabaki zuen Udalak eraso matxista gaitzestea, emakume erasotuari eta haren inguruari babesa eskaintzea eta oneratzeko bere esku daude bitartekoak jartzea.

Era berean, bihar, martxoak 1, Oiartzungo mugimendu feministak deitu duen elkarretaratzearekin bat egin du Udalak eta herritarrak bertan parte hartzera animatu.

Gizarte-Ongizaten, haurrentzako laguntzak eta Arraztalorekin hitzarmena

Zailtasunak dituzten edo babesgabetasun egoeran egon daitezkeen haurrentzako 18.000 €ko diru-laguntza onartu zen, ahobatez.

Arraztalo elkartearekin ere lau urterako hitzarmena onartu zen, ahobatez. Gaixo psikikoen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzeko elkarteak 53.000 € jasoko ditu aurten Udaletik.

Euskaran, erabateko adostasunik ez

Lartaun abesbatzarekin lau urteko hitzarmena onartu zen, Madalensoron entseatzeko lokala erabiltzeko aukera izan dezan abesbatzak.

Oiartzun Irratia kudeatzen duen Hitz Hots Elkartearekin lau urteko hitzarmena ere onartu zen, ahobatez. Aurten, 49.000 € jasoko ditu Oiartzun Irratiaren funtzionamendurako.

Ez zen adostasun bera egon Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilgunearekin hitzarmena onartzeko garaian: EAJ abstenitu egin zen. Herriko euskalgintzako taldeak Oiartzuarren Baitan, Kuadrillategi, Euskara Elkartera, DBHko ikasleekin euskararen motibazio saioak eta Txerri Eguna programak aurrera ateratzeko, lau urteko hitzarmena proposatu zen, baita ekintza horiek burutzeko 98.758 €ko diru-laguntza ematea aurten. EAJren izenean Rafael Bergaretxek adierazi zuenez, “ez zaigu iruditzen programa horiek lau urteko protekzio edo lotura behar dutenik”.

Kultur ekitaldiak antolatzeko eskaerak egin dituzten talde eta eragileentzako diru-laguntzak ere onartu ziren atzo. Guztira, 43.250 € banatuko ditu Udalak. www.oiartzun.eus-en argitaratuko da laguntzen zerrenda.

San Markos mankomunitateko 2017ko aurrekontuak baliogabetu ditu epaitegiak

Hiri hondakinen bilketa eta kale garbiketako kontratua urtebeterako luzatzea ere onartu zen atzo. FCC enpresak iaz pabilioian izandako sutean erre ziren bi udal-makina ordezkatzeko betebeharra ere jaso zen luzapenean. EAJ abstenitu egin zen, “luzapena logikoa izan arren, guk oinarrian atez ateko bilketa errebisatzeko eskatzen dugulako”.

Eneritz Arbelaitz Mendi-Ingurumen zinegotziak hondakinen bilketako Oiartzungo azkeneko datuak eman zituen: %80tik goiti biltzen dugu sailkatuta, hondakin organikoaren azken karakterizazioan -zenbat den frakzio horri ez dagokion hondakina neurtzen duen azterketa- %0,74 besterik ez da izan inpropioa (“San Markos Mankomunitatean edukiontziekin biltzen duten herri guztien %10etik goiti ematen dute, eta Gipuzkoako araudiaren arabera, ezin da konpostatu %5eko inpropio maila baino gehiago duen organikoa; beraz, herri horietako organikoa ez da konpostatzen)”.

“Datuek erakusten dute bilketa motak ze garrantzia duen”, adierazi zuen Arbelaitzek. “Hondakinen gaia despolitizatu behar dugu. Ardura dugu Europako zuzentarauak betetzeko, eta Oiartzun bide horretan ari da”.

Horrez gain, azaldu zuen San Markos Mankomunitateko 2017ko aurrekontuei Oiartzun, Hernani eta Usurbilgo udalek jarritako helegitearen epaia heldu berri dela. “Eskatzen duguna hondakinen bilketa fiskalitatearekin lotzea, ongi egiten duena sarituz eta gaizki egiten duena zigortuz”. Epaitegiek arrazoia eman diote Oiartzun, Hernani eta Usurbili eta San Markos Mankomunitateko 2017ko aurrekontuak bertan behera utzi ditu. 2014-2017 urte arteko aurrekontu guztiak errekurritu dituzte Oiartzun, Hernani eta Usurbilek, eta guztietan arrazoia eman du epaitegiak.

Xorrola Gipuzkoako Garraio Partzuergoan sartuko da

Oiartzun Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintzari Partzuergoan sartzea ere onartu zen atzo. Batez ere, Xorrola autobus zerbitzuan hobekuntzak bideratzeko izango da. Eneritz Arbelaitz izango da bertan udal ordezkaria.

Otsaileko protokolo gastua 0 € izan da.

Fitxategiak