Gizarte zerbitzuetako harrera ordutegia zabalduko da martxoaren 1etik aurrera

Sailaren aurrekontua handiagoa izango da aurten

Gizarte-Ongizate zerbitzuaren arreta ordutegia zabaldu du Udalak. Martxoaren 1etik aurrera, astelehenetik ostegunera 08:00etatik 13:30era eta ostiraletan, 09:00etatik 13:30era egingo da harrera erabiltzaileei. Arretarako txanda eskatzeko aurretik 943 49 05 52 telefonora deitu beharko da. 

Aurten 1.845.400,99 €ko aurrekontua izango du Gizarte-Ongizate sailak, besteak beste, hobekuntza horiek eskaini ahal izateko.

Gizarte zerbitzuak datutan

Gizarte-Ongizate sailak iaz 1.657 hitzordu eman zituen. Horietako 1.125k jaso zuten onuraren bat: informazioa, laguntza ekonomikoa, laguntza psikologikoa, zerbitzua... Gizarte-Ongizate saileko erabiltzaile gehienak Euskal Herrikoak (%57,67) dira. Jatorriaren arabera, hurrenak dira Espainiatik datozenak (%9,8), latinoamerikarrak (%4,25), magrebtarrak (%3,6) eta Europako Batasuneko herrialdetakoak (%2,12).

Gizarte larrialdietarako laguntza jasotzen duten oiartzuarren %69,5 emakumezkoak dira eta %20,33, berriz, 65 urtez goitikoa. 

Adineko eta behar bereziak dituzten 64 herritarrek etxez etxeko zerbitzua jasotzen dute (%62,5 emakumezkoa). Bakarrik bizi dira horien artean gehienak: %54,69.

Tasa eta zerga salbuespena 84 herritarri onartu zaie eta oinarrizko errenta laguntza jasotzen dute 120 oiartzuarrek (2018ko abenduko datua). Horien arteko %43,83k Euskal Herria dute jatorria eta %24,16k Espainia.

Familia laguntza, berriz, 36 familia-unitatek jasotzen dute gure herrian. %72,22a euskal herritarra da. 

Gehigarriak

Gizarte zerbitzuetako harrera ordutegia zabalduko da martxoaren 1etik aurrera