Ikasleek Eskola Agenda 21en udalbatza izango dute ostiralean

Herritarrak saiora gonbidatuak daude

Aurreko urteetako ohiturari jarraituz, Elizalde Herri Eskolako, Elizalde Institutuko eta Haurtzaro Ikastolako ikasle eta irakasleen ordezkariak 2015/2016 ikasturte bukaerako Eskola Agenda 21en azken topaketan elkartuko dira. Izan ere, udalbatza berezia ospatuko dute ostiral honetan, hilak 27, 10:45ean, udaletxeko pleno aretoan.

Aurtengoan, ELIKADURA eta HONDAKINAK izan dituzte ardatz, hamaika esparru jorratuz: hamaiketako osasuntsua egiten duten; azukre asko ala gutxi jaten duten; kalean garbi edo zikin dauden; ikastetxeko gela eta eremu ezberdinak txukun ote dauden; hezkuntza-komunitateko eragile ezberdinek hondakinak murriztu, berrerabili eta ondo sailkatzen ote dituzten...

Eskolarteko Forotik udalbatzara 

Maiatzaren 17an hiru ikastetxeek antolatu zuten Eskolarteko Foroan ikasleek ikasturtean zehar egindako lanketaren ondorio diren konpromisoen eta Udalari ostiralean aurkeztuko dizkioten eskaeren zerrenda adostu zuten. Era berean, Eskola Agenda 21 programan parte hartzen duten eragileen (ikasleak, irakasleak, irakasle ez diren eskolako langileak, gurasoak, Udala) partaidetza nolakoa izan den baloratu zuten.

Lehen esan bezala, ostiralean (maiatzak 27), berriz, ikastetxeetako ordezkariak Oiartzungo udaletxeko udalbatza aretoan elkartuko dira, ikasturtean zehar elikadura eta hondakinen inguruan egindako ekimenak azaldu eta eskolarteko foroan erabakitakoaren berri emateko.

Bukatzeko, Oiartzungo Udalak herritarrak gonbidatzen ditu, ostiraleko udalbatzarrera bertaratzera. Izan ere, herritarrek aukera paregabea izago dute ikasleek ikasturtean zehar landu eta ikasitakoa gertutik ezagutzeko.

Gehigarriak

Ikasleek Eskola Agenda 21en  udalbatza izango dute ostiralean