Udala industriaguneetako hondakinak biltzen eta kudeatzen hasi da, eskumena bere eginda

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: oiartzun@oiartzun.eus

Gaurtik, 2026ko urriaren 1etik, udalarena da industriaguneetako hondakinak bildu eta kudeatzeko eskumena. Oiartzun erreferentea da hiriguneko udal hondakinen kudeaketan eta bilketan, eta orain industriaguneetako hondakinen bilketa selektiboan aurrerapausoa egin nahi du.

Azken urteetan San Markok eskaini duen zerbitzua berreskuratuta, industrialdeetako hondakinak kontrolatu eta kudeatzeko ahalmena izango du udalak, baita herriko enpresei arreta zuzenagoa emateko aukera ere. Bilketa selektiboa optimizatzeaz gain, aipatzekoa da kontrol finantzarioa ere, industriaguneetako hondakinen tasa eta salmenta udalaren eskumenekoak izatera pasa baitira.

Hobetzeko marjina nabarmena, baita ekonomikoa ere

Udalak eskumena bere eginda hondakinen bilketak eta kudeaketak defizitik ez sortzea aurreikusten da. Hondakin birziklagarrien salmentatik ahalik eta diru-sarrera handienak izateko eta errefusagatik ahalik eta gutxien ordaintzeko, industriaguneetako hondakinen birziklatze maila hiriguneko udal hondakinen mailara ahal hainbat gerturatzea da helburua. Diru-sarrerak igotzea eta gastuak murriztea lortu nahi da gaikako bilketa hobetuz. 2024-25ean egindako azterketaren arabera, gaur gaurkoz Oiartzungo industrialderik ez da iristen %65eko gaikako bilketara. Herrigunean, aldiz, hondakinen %80tik gora biltzen da gaika.

Garbitania Zero Zabor, erakunde publikoa eta esperientziaduna

Garbitania Zero Zabor entitate publikoaren bitartez hasi da udala lanean. Garbitania bere bazkide diren udalerriei kalitatezko zerbitzua eta prezio justua eskaintzen dizkien entitate publikoa da, hondakinak gaika bildu eta kudeatzeko baliabideak ahalik eta gehien optimizatuz. Oiartzungo Udala sozietateko bazkide egin da, 130.000€ko balioa duten partaidetzak erosiz. Udalak adierazi du eragiketak ez duela eraginik bere oreka eta funtzionamendu ekonomikoan. Aipatu baita ere, etorkizunean Garbitaniatik ateraz gero partaidetzen dirua berreskuratuko lukeela udalak.

EAJ-EH Bildu udal akordioa %100ean betea

2025eko azaroan, bi udal taldeek hondakinak kudeatzeko eta birziklatze maila hobetzeko akordio politikoa lortu zuten. Industriaguneetako hondakinen bilketa eta kudeaketan aldaketak eginda, adostutako neurri guztiak bete dira.

  • Papera eta ontzi arinak errafiazko poltsetan ateratzea.
  • Etxeko olioa biltzeko sistema eraginkorragoa eta erosoagoa jartzea.
  • Amiantoa duten instalazioen errolda egitea.
  • Poligonoetako hondakinen bilketa eta kudeaketa udalak berreskuratu eta optimizatzeko neurriak hartzea.

 

Argazkia: Bostak enpresako arduraduna, Garbitaniako teknikaria, eta udal teknikariak eta ordezkari politikoa Ugaldetxo Poligonoko Zuaznabar kalean

Gehigarriak

Udala industriaguneetako hondakinak biltzen eta kudeatzen hasi da, eskumena bere eginda