Ospitaleetarako autobus linea berria martxan da, herritarren zein udalaren urtetako eskaerei erantzunez

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: oiartzun@oiartzun.eus

Oiartzun ospitaleekin lotzen duen E31 autobus linea berria jarri du martxan Gipuzkoako Foru Aldundiak iraila hastearekin batera. Lehen zerbitzua 07:00etan ateratzen da Oiartzungo plazatik eta azkena, berriz, 21:00etan. Egunero 15 joan-etorri egiten ditu (ikusi ordutegiak, ibilbidea eta geltokiak). Astelehenetik igandera emango da zerbitzua, jaiegunetan ere bai.

Oiartzungo Udalak “gogotsu” jaso du E31 autobus linea berria martxan jartzearen albistea, herritarren zein udalaren hainbat urtetako eskaerei erantzuten baitie zerbitzuak. Oiartzuar mordo baten egunerokoa zein momentu jakinetako joan-etorriak erosoagoak eta errazagoak izatea ekarriko du. “Nahi baino beranduago dator, baina etorri da”, adierazi du Agustin Lekuona Irastorza alkateordeak.

Oiartzungo Udalak aurkeztutako alegazioetan oinarrituta, Foru Aldundiak 2023an iragarri zuen linea berria. 2024ko ekainean onartu zen Oiartzungo I. Mugikortasun Planean jasotako lehentasunetako bat ere bada. Hainbatetan indar egin eta gogoratu behar izan diote Aldundiari gaia udalak, langileek zein herritarrek, eta esan bezala, “azkenean iritsi da”. Oiartzungo Udalak, orain arte bezala, zerbitzuaren bilakaera gertutik jarraituko du bai ordutegiei bai ibilbideari dagokienez, “zerbitzua hobetzeko ekarpenak eginez” esan du Lekuonak.

Oiartzungo Udalak eskerrak eman nahi dizkie ospitaletarako autobus-linea lortzeko ahalegina egin duten herritar denei, eta adierazi du zoriontzekoa dela orain arte denen artean egindako lana eta lanketa.

Gehigarriak

Ospitaleetarako autobus linea berria martxan da, herritarren zein udalaren urtetako eskaerei erantzunez