Oiartzungo 2025eko Kirol Sariarako hautagaitzak aurkezteko epea irekiko dute bihar

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Martxoaren 21a bitarte egin daitezke proposamenak, online edo kiroldegian.

Beste urte batez Kirol Astea antolatuko du urrian Udalak, jarduera fisikoa eta bizitza aktiboa eta osasungarria sustatzeko helburuarekin. Osatuko duten programazioaren barruan, 2025eko Oiartzun Kirol Saria ere banatuko da, eta bihar irekiko dute proposamenak aurkezteko epea. Bi astez egongo da zabalik, martxoaren 21 arte.

Hamargarren aldiz banatuko den sari honek herriko kirol arloan nabarmendu diren pertsona eta taldeak aitortzea du asmo. Oiartzunen kirola sustatzeko egindako lana, kirol-ibilbidea edo lortutako emaitzak kontuan hartuta ematen da. Herritarrek bi modutan egin dezakete proposamena; online edo kiroldegiko sarreran jarritako kutxan utziz.

Hamargarren sarituaren bila

Jasotzen diren proposamenen artean aukeratuko du irabazlea UKABEk, Udalak eta herriko kirol elkarteek osatzen duten kirol Aholku Kontseiluak. Orain arte hainbat talde, eragile eta norbanakok jaso dute saria: Girizia elkarteko kirol sailak, Periko Sanroma Haurtzaro Atletismo taldeko sortzaileak, Artaso Elkarteak xanistebanetako sokatira txapelketa herrikoia antolatzeagatik, Ane Asensio atletak, Alain Isasa kenshiak, Guruzne Azpiroz arraunlari ohiak, Kondo Fernandez Oiartzun Kirol Elkarteko Lehendakariak, Alex Bargalló judoak eta Maialen Oiartzabal eskiatzaile akrobatikoak iaz.

Orain, 2025eko Kirol Saria nork jasoko duen erabakitzeko unea heldu da. Herritarrek euren hautagaiak proposatzeko aukera dute, martxoaren 21a bitarte.

Gehigarriak

Oiartzungo 2025eko Kirol Sariarako hautagaitzak aurkezteko epea irekiko dute bihar