Egoera ekonomiko larrian dauden herritarrak diruz laguntzeko deialdiaren oinarriak onartu dituzte

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Adostasunez onartu ziren atzo izandako urtarrileko ohiko udalbatzarreko puntu guztiak.

Egoera ekonomia larrian dauden norbanako eta familientzako dirulaguntzak banatzeko oinarriak onartu zituzten ahobatez. 115.000 € bideratuko ditu Udalak 2023an pertsona hauek babesteko. Gainera, zailtasunak eta babesgabetasun arrisku egoeran dauden adingabekoak eta haien familientzako dirulaguntzak ere adostu zituzten. Beste 30.000 euro gorde ditu Udalak honetarako.

Urmendi Haur Eskolak 0-3 urteko haurren zikloa garatzeko 2023an 798.000 euroko ekarpena jasotzea onartu zuten.

Herriko elkarte ezberdinei dirulaguntzak eta ekarpen ekonomikoak

Oiartzungo kirol elkarte eta kluben funtzionamenduan laguntzeko 2023ko dirulaguntza eta oinarriak ere ahobatez onartu ziren. 54.000 € bideratuko ditu Udalak laguntza horietara.

Kultura sustatzeko herriko elkarte ezberdinekin Udalak dituen hitzarmenen baitan 2023an egingo dituen ekarpenak ere adostu ziren. 93.300 € jasoko ditu Soinuenea Fundazioak herri musikaren inguruan ikerketa, trebakuntza, bilketa eta, kontserbazioa egin eta zabaltzeko. Luberri Ikasgune Geologikoari 63.737,99 euro emango zaizkio geologia, mineralogia, paleontologia eta natur zientzien ikerketa eta zabalkunderako.

Ibargain Musika eskolari 2022-2023 ikasturtean egingo zaion ordainketa ere zehaztu zuten. 85 ikasle ditu ikasturte honetan eta horren baitan 97.700 euroko dirulaguntza jasoko du.

2023ko kontratazio-plana onartu dute

Sail ezberdinek emandako informazioaren, Oiartzungo Udalak 2023rako Kontratazio Plana egin du eta hau ere onartu zuten atzoko bilkuran. Aurreikuspen honetan, legeak zehazten dituen erregulazio harmonizatuko kontratuez gain, aurreikusi daitezkeen beste kontratuak ere gehitu ditu. 2023rako kontratu-jarduera ezagutarazi nahi du Udalak horrela, gardentasuna areagotu eta enpresei aukera emateko udalaren beharrak aurretik ezagutzeko, horrela eskaintzak zehaztasun handiagoz prestatzeko. Udalaren kontratatzailearen profilean eta Europar Batasunaren Egunkari Ofizialean argitaratuko da informazioa.

Abenduko protokolo gastuak 1.956,59 € lore, eskela, jardunaldi eta bazkari-luntxetan. Urtarrilean 109,78 € izan dira, ikurrina, garaikur, plaka eta oparietan.

Gehigarriak

Egoera ekonomiko larrian dauden herritarrak diruz laguntzeko deialdiaren oinarriak onartu dituzte