Merkataritza ttikia suspertzeko egitasmoa

Egunero elikatzen gaituen janaria eta soinean daramazkigun arropak, eskura jartzen dizkiguten  dendak. Ordenadorea konpondu edo matxuraturiko motorra berpiztuko digun tailerra. Eguerdian parekorik ez duen pintxoa eta gauerdian beti azkena den garagardoa zerbitzatzen digun taberna. Gure herriko hostalari, zerbitzu emaile eta komertziante ttikiak, gure auzo eta kaleen parte dira. Gure herrikideekin harremantzeko, herri egiteko, espazio, gune eta topalekuak eraiki dituzte. Gu egin gaituzten eta gure egin ditugun salmenta eta bizi guneak dira. Oiartzun osatzen duten zortzi auzoetan, merkataritza ttikia, herri historiaren begirale eta sortzaile izan da urte luzez.

Izan da, eta da. Nahiz eta orokorrean bere momentu gozoenak bizi ez. Merkataritza ttikiak, faktore ugari medio, beherakada nabarmena bizi du azken urteetan. Eta honekin batera, kaleetako gora-beherek, zurrumurruak, herrikideekin ezusteko topaketak... hitz batez: herri bizitzak ere behera egin du. Edozein herri ttikitan, tokiko merkatarizta ez delako merkatarien kontua soilik. Hau, herri bizitzaren bultzatzaile eta adierazle bait da, herrian duinki bizi ahal izateko baldintzetaz hitzegiten digun adierazlea. 

2016ko urritik hasi eta Abendu bitartean garatu zen Merkataritza Suspertzeko Plan Bereziak (MSPB), Oiartzunen merkatartitza ttikiak bizi duen beherazko tendentzia horri buelta emateko ekintza-oinarriak jartzea eduki du xede. Baina ez edonola. Merkatariak izanda sektoreak bizi duen egoeraren aditu onenak, eta herritarrak, beren kontsumitzaile posiziotik, behar dutenaren jakitunak, Ekintza Plan hau era parte-hartzaile batetan egin da, ezinbestean. 

Udalak eta talde teknikoak (Hiritik-At eta Aztiker), parte hartze horren, ahalbidetze, koordinazio eta sistematizazio lanetara egon gara buru-belarri. Horrela, merkatariekin banan bana egon gara bakoitzak egoera nola ikusten duen jakiteko, herritarren parte hartzea ahalbidetzeko ekintza eta foroak irekiko dira, eta hori guztia erabaki kolektibo baten ondorio izan den MSPBan itzuli dugu.

Oiartzungo merkataritza ttikia indartzea, herrian duinki bizi ahal izateko aukerari ekarpena egitea da, herri bizitza ureztatzea alegia. Horregatik, 2016an Merkataritza txikia eta herri bizitza suspertzeko prozesua egin zen herritarrekin eta merkatariekin, eta atxikitutako dokumentuan ikus daiteke emaitzaren laburpena.