Elorsoro kiroldegiko laguntzak 2015

Elorsoro kiroldegiko bazkide izateko diru-laguntzak eskatzeko epea irekita dago otsailaren 27a arte. Kiroldegiko sarreran aurkeztu behar dira eskaerak. Udalak gehienez kuotaren %80a finantzatuko du.

Eskaera egiteko ezinbesteko baldintza da Oiartzunen erroldatua egotea eta Udalarekiko zerga obligazioak eguneratuak izatea.

Laguntzaren onuradunak izan daitezke Aldundiak baloratutako ezintasunak dituztenak; udal Gizarte Zerbitzuek proposatutakoak; eta, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta, Gizarte Larrialdietarako laguntza edo Kotizatu Gabeko Pentsioaren onuradun direnak. Familia-unitateak dituen diru-sarrerak ere kontuan hartuko dira laguntza ematerakoan.

Laguntzen onuradun direnek urtean zehar kiroldegia erabiltzen dutela bermatu beharko dute. Honela, banakako bonoen laguntza jasotzen dutenek gutxienez 60 erabilera eta familiako laguntza dutenek gutxienez 100 egin beharko dituzte.

Informazio gehiago Elorsoro kiroldegian bertan eskuratu daiteke.